Eragile anitzeko harremanei eta finantzaketa estrategiei buruz hitz egiteko topaketa. Galderak, ezinegonak, esperientziak eta proposamenak jokoan jartzeko eguna. Burtsaren zoruan posizioak hartu, bingoan jokatu eta arrain enkantean parte hartzeko goiza izango da. Eta arratsaldeak negozio bazkari baten itxura izango du. Den-dena CHANGE, Karraskanen Berrikuntza eta Kulturaren X. Jardunaldia, modu kolaboratiboan aktibatzen jarraitzeko.
Gainditu behar ditugun trantsizio eta erronkek antolatzeko, lan egiteko forma berriak eta zeharkako estrategiak eskatzen dituzte. Ideiak, pertsonak, azpiegitura komunak, proiektu zehatzak eta mota guztietako baliabideak eta kapitalak mugiarazi behar ditugu. Eta nola egin pentsatzeko CHANGE Aldaketen trukea jarri dugu martxan; eragile anitzeko harremanei eta finantzaketa estrategiei buruzko ikerketa kolektiboa da, erronka eraldatzaileei ekiteko eta aldaketa prozesuei eusteko bideragarritasuna bilatzen dutenak.
CHANGEn helburuak hauek dira:
- Finantzaketa eskaintzen eta eskatzen dutenen arteko eta bitarteko eragileekiko ELKARRIZKETA eta TOPAKETAK sustatzea.
- Sortzen diren HARREMANAK aztertzea, eta konfiantza, aitortza eta elkarrekikotasun zabalagoak bilatzea, baita menpekotasun edo bezero izaera gutxiagoko harremanak bilatzea ere, helburu komunak lortzeko.
- Konbentzio, inertzia edo errutinetatik harago joatea ahalbidetuko duten INGURUABARRAK eta PROZEDURAK elkarrekin bilatzea.
- ERAGILE ETA PROGRAMAK identifikatzea, jardun on eta inspirazio modura.
- Dena modu KOLABORATIBOAN ETA PARTEKATUAN garatzea, konplizitateak sortzen elkarrekin agertoki berrietarantz joateko.
CHANGE izenburutik bertatik hasi da jolasean aldaketa ideiaren anbibalentziarekin, txanponaren bi aldeei erreferentzia eginez: eraldatzailea eta ekonomikoa. Eta jolaserako ideia horrek egituratuko du KARRASKANen Berrikuntza eta Kulturaren X. Jardunaldia; 2024ko irailaren 17an izango da, asteartea, 09:30etik 18:00etara, Getxoko RKEtxean.
Diruarekin jolastu egiten da.
EGIN JOKOA! izenburua jaso duen jardunaldia izango da; saio erabat parte hartzailea izango da, elkarrekin trukatu eta eraikitzeko saioa. Goizeko eta arratsaldeko topaketa izango da, ludikoa bezain propositiboa.
PROGRAMA
9:30 – 10:00. Irekiera eta izen ematea.
10:00 – 14:00. Finantzaketa jokoan jarriko dugu. (75 plaza doan).
> ZORUA Elkar ezagutzeko eta gorputza jartzeko, mugitzeko eta gaiari dagokionez kokatzeko soziodrama, balore burtsa eta burtsa indizeak agertoki moduan erabiliz.
> BINGOA Ausaz aukeratutako galderetan oinarritutako mahai ingurua, esperientzia, kasu eta profil anitz eta adierazgarrien lau pertsona ordezkarirekin.
> ARRAIN LONJA Eztabaidarako tarte irekia, iritzien salerosketa eta enkanterako tartea; parte hartzaileek entzun eta hitz egiteko aukera izango dute, une bakoitzean arrainontzian hartzen duten posizioaren arabera.
14:00 – 17:00. Negozio bazkaria, 14:00etatik 17:00etara (42 plaza, izen ematea 5 €).
Euskal Herrian esan ohi dugunez, tratu handiak bazkalorduan ixten dira, elkarri bostekoa emanez. Lasai-lasai bazkalduko dugu, goizean jandako guztia mamurtzen. Eta bazkalondoan, txupitoen unea iristean, mahai zapia aldatuko dugu!
Jardunaldiaren azken-aurreko tartea finantzaketa osasungarri eta orekaturako dieta elkarrekin sortzeari eskainiko diogu. Helburua da sortuko diren zenbait elkarrizketa lagungarriak izatea elikagai formatzaile, erregulatzaile eta energetiko gakoak identifikatzeko, baita eragile anitzeko harremanak eta finantzaketa estrategiak elikatzeko errezetak identifikatzeko ere.
Bazkariak eta bazkalondoak izen emate irekia dute, 5 euroren truke (edukiera mugatua).
17:00 – 18:00. PostCHANGE. Arratsalde giro pixka bat etxera itzuli aurretik.
➡ IZENA EMAN!.
Jardunaldi hau interesatu egingo zaizu, baldin eta…
CHANGEk balizko eragileen espektrorik ahalik eta anitzena interpelatu nahi du; finantzaketa eskaini zein eskatzen dutenak inplikatu nahi ditu ikerketan, baita prozesuan esku hartzen duten bitarteko eragileak ere. Eta fokua, batez ere, kultura komunitarioa, herritartasun berrikuntza, ekonomia sozial eta solidarioa eta beste eremu mugakide batzuk bezalako esparruen intersekzioan jartzen dugu, transdiziplinarietate eta intersekzionalitate gakoetan (GJHak eta 2030 Agenda erreferentzia gisa hartuz).
Esparru horietakoren batean edo bitarteko espazio horretan bizi bazara. Baliabide, diru, kapital eta harremanen gai hau interesatzen bazaizu. Interes berbera duten beste batzuk ezagutu eta haiekin hitz egin nahi baduzu. Eta formatuekin jolastuz egin nahi duzu, osagai parte hartzaileak eta ludikoak txertatuz. Orduan…
Non gertatuko da? Nola irits naiteke bertara?
Saioa Getxoko (Bizkaia) RKEtxean izango da, Santa Eugenia Plazako lehen zenbakian. Bertara iristeko modurik errazena metroa hartzea da (Areeta / Las Arenas geltokia); oinez bost minutura baino ez dago.
Nork egiten du CHANGE posible?
CHANGE ikerketa modu partekatuan bultzatu dute Colaboratorio IC, REACC, Wikitoki eta KARRASKAN eragileek. Eta ikerketa garatzeko hainbat eragileren lankidetza dugu une honetan, besteak beste, Getxoko Udala, Bizkaiko Foru Aldundia, Daniel y Nina Carasso Fundazioa eta Eusko Jaurlaritza. Ikerketa bera ere errealitate egiteko aliantza eta kolaborazioen fruitua da.
Are gehiago jakin nahi?
Badakigu arretaren ekonomiak eta Momoren gizon grisek setiatuta bizi garela. Badakigu gure agendetako denbora altxor bat dela, gero eta gehiago, eta ekitaldi batera joatea edo ez oreka bilatzeko erabakia dela, nahi dugunaren, harremanen eta itzulkin gisa espero denaren arteko oreka, alegia. Eta uda osteko lehia gogorra da. Hortaz, oraindik ez baduzu ebatzi, hona hemen erabakia hartzen laguntzeko lagungarri batzuk:
- CHANGEn ESPARRU DOKUMENTUA.
- Lehenengo enClave Parlante saioaren BIDEOA; prozesuaren aurkezpen publikoa izan zen.
- Eta KARRASKANek aurreko urteetan antolatutako JARDUNALDIEN informazioa.
Eta orain bai…
➡ IZENA EMAN!.
#CHANGE_MdC