September 23, 2021

I+G+b SISTEMA MESTIZO ETA MUTANTEAREN KOPRODUKZIORANTZ

Ziurgabetasunik gabeko mundu konplexu honek horrelako I+G+b sistema behar du, eragile, jakintza eta jardun anitz uztartzearen emaitza izango dena, betiere Helize Boskoitzaren ikuspegitik eta arlo sozial eta kulturalera irekiz. I+G+b ulertzeko moduaren imajinarioa eta esparrua eraldatzea, baita ikerkuntza eta berrikuntzarako baliabideak banatu, planak diseinatu eta sareak konfiguratzeko moduak eraldatzea ere.

Iranzu Guijarro eta Ricardo Antón (ColaBoraBora)

2021eko abuztua

 

DESKARGATU HEMEN PDF-a.

Ingelesez eta gaztelaniaz ere eskuragarri dago.

 

RIS3 Euskadiren testuinguruan, Kultura eta Sormen Industriei dagokienez KARRASKANen inplikazioa izan duen arloetako bat Kultura eta Sormen Sektoreetan I+G+b aplikatzeko esparru kontzeptualari buruzko hausnarketa izan da. Prozesu honek bi atal izan ditu: lehen atalean, tokiko eragileen lantalde batek aurrera egin du esparru hori definitzeko lanean (KARRASKANetik ColaBoraBorako Ricardo Antónek hartu du parte, Kultibako Aitzol Batizen laguntzarekin; Kulturaren Euskal Behatokiko Aintzane Larrabeitik koordinatutako lehen txostenean jaso dira ondorioak); bestalde, esparrua zehazten bukatzeko ekarpenak eta iruzkinak jaso dira, eta atal horretan estatu mailako zein Europa mailako beste aditu batzuk ere izan dira (prozesu hori 3Walkseko Cristina Ortegak koordinatu du, eta  KARRASKANetik ColaBoraBorako Iranzu Guijarrok eta Ricardo Antónek eta Conexiones Improbableseko Roberto Gómez de la Iglesiak hartu dugu parte).

 

Prozesua oso aberatsa izan da, eta abiapuntutik bilakaera nabarmena egitea ekarri du, inplikatutako eragileen lan erantzunkide eta adimen kolektiboaren emaitza gisa. Laster bukatuko da, nazioarteko biltzar ireki bat antolatuz; garatutako lana bertan aurkeztu ahalko da, eta erabilgarria izatea espero dugu, ez soilik euskal testuinguruan, baita, oro har, I+G+b esparru orokorrean ere.

 

Aurkezpen unea iristen den bitartean —eta orduan partekatuko ditugu sortutako material guztiak—, KARRASKANetik hausnarketa egiten laguntzen jarraitu nahi dugu, prozesuan gure ekarpenen erdigunean egondako zenbait ideia berreskuratuz.  Azalduko dugu, gure ustez, zein gakotan den garrantzitsua fokua jartzea, bilatzen duguna baldin bada bada I+G+b sistemaren esparru orokorrean arazoak sortzea, eraldatzea, aberastea eta zabaltzea, eta ez soilik I+G+b tradizionala arlo kulturalera moldatu-itzultzeko joerarekin jarraitzea (tekno-zientzia gogorrei oso lotua eta foku merkantilistarekin). 

 

1. I+G+b-ren TASUNAK (ARTEETAN)

 

Hausnarketa prozesuan, arteen esparruan I+G+b-ri buruzko aurreko dokumentuetan egiten den analisira gerturatzean (batez ere Frascatiren Eskuliburua 2015, ELGAk argitaratua, 70.-71. or.), aurkitu dugu ARTEETARAKO eta ARTEETAN ikertzeari dagokionez zilegitasuna aitortzen dela; aitzitik, ARTEETATIK ikertzea zalantzan jartzen da, eta ARTEEKIN ikertzea ez da ageri. 

 

Eztabaida aspalditik dator eta erreferentzia interesgarria jaso zen “El debate sobre la investigación en las artes” liburuan, Amsterdam School of the Arts ikastegiko Henk Borgdorff autoreak 2006an argitaratutakoa; bertan, autoreak hainbat ikuspuntutik heldu zion auziari, ikuspuntu ontologikotik (ikerketa xedearen izaeraren arabera), epistemologikotik (biltzen-sortzen duen ezagutzaren arabera) eta metodologikotik (erabilitako metodologiaren arabera).

 

KARRASKANen pentsatzen dugu arteetan I+G+b planteatzerakoan tasun nagusi edo bideratzaileak NONDIK eta NOREKIN direla; ZERTARAKO eta ZERTAN tasunen betebeharra aplikatuagoa eta arteei dagokienez instrumentalagoa izango litzateke.   Jarraian, ideia hori labur garatuko dugu.

 

> Ikerketa NONDIK

Arteetatik ikerkuntza eta berrikuntza lan sakon eta sistematikoa egiten da hainbat gai anitzei dagokienez, besteak beste, materialak, teknologiak, formak edo konposizioak, lengoaiak, imajinarioak, ordena sinbolikoak edo subjektibitateak, tartean lotzeko, antolatzeko edo jokatzeko moduak ere landuz. Horrez gain, arteen ezaugarri nagusia jardun kritikoak dira, ideiak eta jardunak azken ondorioetara eramatea, galdera berriak eginez, konbentzioak behartuz eta mugak zalantzan jarriz. 

 

Gaur egun I+G+b kontzeptua oso modu mugatuan ulertzen da eta arlo zientifiko-teknologikoek kontzeptu hori baldintzatu eta ezaugarritzen dute; arlo horietako metodoak eta arteen eta sorkuntzaren metodoak oso desberdinak dira, baina horrek ez ditu ez beste metodo horiek, ez metodoak aplikatzen dituzten eragileak baliogabetzen. Nolanahi ere, auziak eragiten duen eztabaidak balizko eragile eta metodoen espektroa handitu eta dibertsifikatzea ekarri beharko luke, eta, hortaz, baita ikertzeko, kolaboratzeko, hibridaziorako eta transferentziarako aukerak handitu eta dibertsifikatzea ere (dagoeneko aberatsagoak eta ohikoagoak dira).

 

Bide horretan aurrera egiteko zenbait aurreiritzi eta alborapen partzial eta negatibo gainditu behar dira, Frascatiren eskuliburuan bertan proiektatzen direnen modukoak; izan ere, lan horretan ARTEETATIK I+G+b kontzeptua nahastu egin da “adierazpen artistikoaren” ideiarekin. Ideia erredukzionista da eta adierazpenera mugatzen da; hala, arteak subjektibotasun ez objektibagarri, konparagarri, neurgarrira zokoratzen dira; arlo pertsonalera lotzen dira, emozioetara, bizipenetara, eta ez ikerkuntza esparru formalago eta sistematizatuagoetara, ustez zorrotzagoak direnak. Begirada manikeo horrek bizkarra ematen dio historiari; izan ere, arteak ikerkuntzarako ezinbesteko esparru izan dira beti, eta oso lotura estua izan dute beste zientzia edo ezagutza esparru batzuekin (zibilizazio zaharrek utzitako ondareari begiratzea aski da horretaz jabetzeko, besteak beste, zibilizazio egiptoarra, txinatarra, Grezia klasikoa, Errenazimendua edo abangoardietako asko). Begirada alboratuak I+G+b kontrastatu, formalizatu, partekatu edo transferitzeko moduetatik harago ere ikusi beharko luke; argitalpen zientifiko indexatuen irizpide eta logikek ezin dituzte modu horiek horrenbeste mugatu, edo patente merkaturagarriek, edo arlo tekno-zientifikoak edo merkataritza arloak aurretiaz ezarritako adierazleek, beste esparru batzuetan sortutako ikerketak eta berrikuntzak zigortu eta/edo ikusezin egiten baitituzte.

 

Azkenik, arte oro ikerkuntza ez dela dioen argudio errepikakorraren aurrean, ulertzen dugu beharrezkoa dela muga eta irizpideei buruzko hausnarketa egitea, jardun artistiko bat zer den eta arteetatik ikerkuntza egitea den jardun artistikoa zer den bereizteko.  Baina hori beste diziplina tekno-zientifiko batzuetan ere argi ikusten da, eta kasu horietan ez da I+G+b sistemaren parte gisa duten zilegitasuna zalantzan jartzen.

Horrenbestez, I+G+b-ren sistema eta metodo zientifikoa askatu egin behar ditugu babestekotan “espetxeratu” egin dituztenengandik, zinez hertsatu egiten baitituzte, irudimena, subjektibitatea, afektuak, poetika, desioa edo emozioa bezalako faktoreek aberastea eragotziz.

 

> Ikerkuntza NOREKIN

Arteen balio instrumental eta sozialarekin lotura daukan ikuspuntutik, ezinbestekoa da aurrez aurre ditugun erronkek hainbat esparru, ezagutza eta jardunen arteko hibridazio eta elkarrizketa behar dituztela nabarmentzea. Arteak, harremanen ekuazio horretan sartu beharreko beste diziplina esparru bat izateaz gain, berez dituzten ezaugarriak tarteko bereziki aproposak dira berrikuntza disruptiboa sustatzeko, I+G+b prozesu osoan zeharkako tresna edo balio gisa aplikatzeko irudimena, sorkuntza eta sormena landuz.

Horregatik, gero eta garrantzitsuagoa da ikerketa taldeak diziplinartekoak izatea eta konexio gertagaitzak eta polinizazio gurutzatuak gertatzea, eta arteek espazio zilegia bezain garrantzitsua hartzea horrelakoetan (halaber, orain nagusiki gutxietsitako beste diziplina batzuk ere gehitu beharko lirateke, batez ere gizarte zientziei, humanitateei edo ezagutza zahar eta herrikoiei lotutakoak).

 

> Ikerkuntza ZERTARAKO eta ZERTAN

Batez ere arteen berezko balioarekin lotura duen guztian, NONDIK tasunari dagokion guztiaz gain garrantzitsuak dira ZERTARAKO eta ZERTAN tasunak; kasu horretan betebeharra arteetan aplikatuago eta instrumentalago modura ulertzen da, arteak azterketaren subjektu edo hartzaile diren aldetik. Xedea da tresna, teknologia, metodologia edo material berriekin ekarpenak egitea, baita sortutako beste baliabide material eta ez-material batzuk, ezagutzak eta esperientziak aztertzen, sistematizatzen, ebaluatzen, gordetzen, eskalatzen edo modu kualitatiboan transferitzen laguntzea ere. 

 

Arlo honetan kontuan hartu behar dira Kultura eta Sormen Sektoreko balio kateko katebegiak; bidenabar, bestelako diziplina eta eragile espezializatuak ere inplikatuta daude (askotan unibertsitateak eta zentro zientifiko-teknologikoak); ez dituzte eragile artistiko eta kulturalak ordeztu behar, baizik eta haiekin osatu.

 

2. I+G+b-ren KOPRODUKZIOA

 

ARTEEKIN ikertzearen inguruan ari ginenean esan dugun moduan, erronkak konplexuak dira, eta maila askotan eta bizitzaren arlo guztietan aurkitzen ditugu; hala, erronka horiei aurre egiteko ikuspegi berriak behar ditugu, diziplinartekoak, elkarrizketak eta harremanak gehiago landuko dituztenak, moldagarriagoak hainbat egoera eta testuingurutan, berrikuntza eta ikerkuntzako prozesu, eragile eta esparruen arteko fluxu eta atzeraelikadura handiagoak izango dituztenak.

 

Horretarako ezinbestekoa da aurrera egitea ikerkuntza, esperimentazio eta balioa sortzeko logika kolaboratiboago eta irekiagorantz, koprodukzio handiagoa izango duena. Eragile anitzeko koprodukzioaren logikak nahitaez eta premiaz behar du I+G+b ekosistemaren parte gisa hartutako eragileak handitzea eta dibertsifikatzea. Ekosistema hertsatzailea eta autoerreferentziala da, esparrua nagusiki unibertsitate, zentro zientifiko-teknologiko eta beste I+G+b enpresa unitate batzuetara mugatuz (gizarte zientziek, humanitateek eta arteek oso presentzia mugatua dute). Pixkanaka aldatzen ari da, Helize Boskoitzaren ikuspegiari esker eta planteamendu askoz zeharkakoagoak gehitzeari esker, eragile eta diziplina multzoak elkar ulertzen baitute eta pare independente gisa harremantzen baitira. 

 

Koprodukzioaren logikak dakar gogoan izan behar dugula eragile bakar batek berak bakarrik ez duela bete behar/ezin duela bete I+G+b kontzeptua definitzen duen irizpide oro (berritzailea/egokia, sortzailea, ziurgabea, sistematikoa eta transferigarria/errepikagarria); aitzitik, elkar osatu eta elikatuko diren taldeak sortu behar direla aintzat hartu behar dugu. Konfiantza, aitorpen eta elkarrekikotasun harremanetan oinarritutako taldeak izango dira (harreman paternalistak, instrumentalak eta/edo dependentziazko harremanak baztertuz); erronka bakoitzari ekiteko batzen diren esperientzia eta rolak baloratu egingo dira talde horietan, adimen anitzak eta kolektiboak baliatuz.

 

> Helize Boskoitzaren ikuspegia (eta eragile sozial eta kulturalen betebeharra)

Esaten genuen moduan, Helize Boskoitzaren ikuspegia ezinbestekoa da I+G+b sistema nagusiek ezarritako logikak hausteko. Berrikuntza ekosistema garatzea ahalbidetzen ari da; ekosistema garatzeko eragileen arteko zeharkako aliantzak eta harreman garrantzitsuak   landu behar dira, gako irekiagoetan eta zeharkako izaeraz, modu erantzunkide zein proportzionalean (erantzukizunei, eskubideek, eskumenei dagokienez…). 

Helize Boskoitzak Helize Hirukoitzaren berrikuntza eredua (administrazio publikoa + unibertsitatea eta ikerkuntza zentroak + enpresa) gainditzea dakar, lehenengo Helize Laukoitzarekin handituz, gizarte zibilaren palanka, ezagutza eta gaitasunak gehitzeko (herritar antolatuak eta ez-antolatuak); eta bosgarrena ere gehituz, hau da, testuinguruaren, habitataren, kokapenaren baldintzak eta bereizgarriak gehitzea, I+G+b sortu eta hedatzen duen ingurune gisa.

 

Agertoki horretan garrantzitsua da helizeetan rolen banaketa partzelatua ez egitea, baizik eta harreman, elkarrekintza eta fluxu misto eta hibrido askoz gehiago egotea sustatzea. Horren haritik, laugarren helizearen potentzial osoa hedatzea ezinbestekoa da, berria delako eta, agian, aldaketa hauskorrenak sar ditzakeena delako —hori baimentzeko prest bagaude— I+G+b prozesuei heltzeko moduan eta beste mota bateko emaitzak bilatu eta, agian, lortzeko. 

 

I+G+b-k gizarte zibilarekin duen harreman horretan (hor kokatuko lirateke sortzaile eta eragile kultural asko), hiru mailako eskailera planteatu dezakegu, non hirugarrena izango litzatekeen benetan I+G+b-ren koprodukziora bideratutakoa, Helize Boskoitzaren ikuspegiarekin:

 

  • SOZIALIZATZEA: Pedagogia eta dibulgazio lana egitea herritarrak kontzienteago eta arduratsuago izateko, eta zenbait berrikuntza erraztasun handiagoz hartzeko. Lehen maila horretan kokatzea ez da aski; izan ere, gaur egungo I+G+b sistema beste eragile batzuekin osatzeko eta elkar elikatzeko harremanetara ireki beharrean, posizio paternalista batean mantentzen du (kontzienteki edo ez), konfort espazioaren barruan, pribilegioak betikotuz.

 

  • PARTE HARTZEA: Ikerketaren zati bat herritarren eta eragile sozialen esku uztea (oro har landa lana eta testatzea), adibidez ikerketa handitu eta dibertsifikatu ahal izateko lagin eta proba kopuruan, aplikazio lekuetan, eta abar. Hemen aitorpen handiagoko harremanak sortzen hasiko dira, baina, oro har, oraindik oso egoera instrumentalak izango dira gizarte zibilari dagokionez (ikerketaren laguntzaile gisa edo analisien kasu gisa).

 

  • KOPRODUZITZEA: Aitortzea zenbait esparru edo egoeratan (baita ikerketan ere, jardun kontziente eta formal gisa) berrikuntza oinarrizko eragileetatik abiatzen dela, herritarrengandik, testuinguruarekin eta ezagutza eta jardun zehatzekin konektatuago dauden profesionalengandik. Horrez gain, hala gertatzen da, bereziki, gizarte zientziekin, humanitateekin eta arteekin lotura daukaten esparruetan, berrikuntza eta ikerketa ugari saretik bertatik sortzen baitira, modu sortu berri eta kokatuan (herritarren berrikuntzaren edo komunitate kulturalaren esparruetan argi eta garbi ikusten da). Horregatik, gure ustez, I+G+b-ren koprodukzioa ahalbidetuko lukeen elkarrekiko aitorpen harreman handiagoa maila horretan gertatuko litzateke. Horretarako, laugarren helizeko eragileak berritu eta ikertzen duten subjektu gisa hartu behar dira, eta funtzio hori aitortu egin behar zaie, baliabideak eman behar zaizkie, lagundu egin behar zaie ikerketen bikaintasuna eta sofistikazioa lortzeko (prozesu osoan, baina bereziki sistematizazioan eta transferentzian). Eta horren haritik, laborategi herrikoiek, sormen fabrikek eta/edo bitartekaritza programek betebehar garrantzitsua izan dezakete I+G+b-ren koprodukziorako inguruabarrak sustatzeko bitarteko gailu gisa, zubiak eraikiz eragile mota desberdinen artean, ezagutza tekniko eta espezializatua amateurrarekin, esperientzialarekin eta bizipenekin uztartuz. 

 

> Nahastutako faseak eta fase etenak

Esparru eta eragileen arteko koprodukzioa aldarrikatzen dugun moduan, I+G+b-ren fase eta prozesuei dagokienez ere eskatzen dugu. Zientzia eta teknologia gogorretan logika lineala jarraitzea zentzuzkoa izan daitekeen arren (Oinarrizko Ikerketa > Ikerketa Aplikatua > Garapen Esperimentala > Berrikuntza), arlo sozial eta kulturalei dagokienez logika eta muga horiek askoz lausoagoak dira eta, askotan, faseak ordena ez-jarraituan gertatzen dira.

 

I+G+b laguntzeko programek eta politikek, oraindik, ikerkuntza eta berrikuntza bortxaz bereizteko joera daukate, baita fase bakoitzean lan egiten duten eragileak ere. Baina agian komenigarria izango litzateke politika eta programa horiek arlo sozial eta kulturalean agertzen diren logika lausoago, hibrido eta ez-formal horiei erreparatzea, pentsamendu moderno eta produktibistatik iritsitako kortsea mantendu beharrean; izan ere, gaur egun bizi dugun esparru honetan, gero eta konplexuagoa eta ziurgabetasun handiagokoa den esparru honetan, zaharkitua eta alferrekoa dela frogatu da. Esparru horretan, askotan, zenbait alderdik, esaterako 1. berrikuntzaren irizpidea, 2. aurretiazko hipotesietatik lan egitea eta/edo 3. emaitza joera (emaitzak gero eta gehiago dira epe laburrekoak eta merkatura bideratutakoak), bada zenbait alderdik ez dute zentzurik edo lortu ezin diren edo komeni ez diren esperantzak sorrarazten dituzte. Eta, aldiz, honako hauek nabarmendu egin behar dira: 1. Egokitasunaren irizpidea gogoan izan uneoro (merkatuaren aukera edo berritasunaz gain, egokia, aproposa izatea eta balioa ematea une jakin batean edo erronka zehatz batean), 2. Galderak birformulatzea eta ustezko hipotesiak bihurritzea 3. Prozesuei ezusteko guztiekin heltzea (emaitzak lortzeko balizko bide modura). Guztia, gainera, aintzat hartuz une honetan berrikuntzak entzuteko, hobetzeko, sakontzeko, berrerabiltzeko eta transferitzeko gonbidapena izan behar duela, dagoeneko dagoen guztitik abiatuz, ez soilik etengabeko berritasunetik aurrerantz ihes egitea. 

 

3. I+G+b MESTIZO ETA MUTANTERANTZ

 

I+G+b koproduzituaren logikak —Helize Boskoitzaren ikuspegitik eta arlo sozial eta kulturalera irekiz—, I+G+b ulertzeko subjektibotasuna eta filosofia aldatzeaz gain, aldaketa nabarmenak ekarriko lituzke maila operatiboan, prozeduretan, tresnetan eta erregistratu, ebaluatu eta transferitzeko moduetan, prozesuei zein emaitzei dagokienez. Horrek helburuak ezarri eta neurtzeko moduei zein inplikatutako eragileen tipologiari eragingo lieke, baita planak diseinatu, sareak konfiguratu eta baliabideak banatzeko moduei ere.

Horrek esan nahi du sormenaren, arteen eta kulturaren esparru zabal hori ezin dela gehitu itzulpen automatikoaren, larrialdi koiunturalaren edo salbuespen permisibo baten logikatik; aitzitik, I+G+b paradigma eta sistema propioa birdefinitzea dakar. Sistema berri, mestizo eta mutantea izango da; eragileak, jakintzak eta jardunak uztartzearen emaitza izango da, aniztasuna goraipatuko du, konplexutasunean sakonduko du eta inertzia eta konbentzioak gaindituko ditu. Sistema ere koproduzitu egin behar da, eta diseinu lanean inplikatutako eragile guztiek hartuko dute parte. Sistema berria ustezko ñabardura txikien emaitza ere izan liteke, esaterako artikulu hau eman duen hasierako txostenaren titulua aldatzea, eta “Kultura eta Sormen Sektoreetan I+G+b aplikatzeko esparru kontzeptuala” izatetik izen berri bat hartuz, adibidez “I+G+b-ren esparru kontzeptualaren eraldaketa Kultura eta Sormen Sektoreen ekarpenetatik abiatuz”.

 

DESKARGATU HEMEN PDF-a.

Ingelesez eta gaztelaniaz ere eskuragarri dago.

Karraskan
Share: / / /
Buscar
Noticias por fecha