March 28, 2024

KSI BERRITZAILE 2017 programa hasi da

Ostiral honetan, irailaren 22an, Eusko Jaurlaritzaren Kultura Sailak sustatuta KSI BERRITZAILE 2017 programaren aurkezpenean izan gara. Euskal KSIen ekoizpen sarearen garapena oinarri duen programa eta RIS3ren markoan kokatzen dena; harremanetan jartzen ditu ikuspegi profesional edota enpresa arlokotik kultura, teknologia, antolakuntza eta ekonomia arloko hobekuntza eta berrikuntza perspektibak.

KSI sareari diruz lagundutako zerbitzuak eskaintzen zaizkio programa honetan oso berariazko proposamenak dituzten lau agenteren bidez; funtsezko oinarri batzuk jartzeko balio du batez ere, KSI BERRITZAILE 2017ren datozen edizioetarako aukerak garatzeko lurzoru bat. Labur esanda, hau da zerbitzuen eskaintza

  • Transferentzia teknologikoa, mota askotakoa (IKT, big data, 3D, interakzioa…), Vicomtech-IK4k eta Tecnaliak eta proiektu zehatzak ezarri (hiru sakontasun edo dedikazio mailatan zabaltzen den eskaintza).
  • Antolakuntza mailako autodiagnostikoa KSIko erakundeei; Euskalitekin egingo da, Kudeaketa Aurreratuko Eredua erabiliz erreferentzia gisa (bi aukera daude, bata xumeagoa formulario bidez eta bestea formularioaz gain kontraste saioa duena).
  • Finantza-markoaren oinarrizko ezagutza eta hori kudeatzeko tresna xumeena, KSIentzako berariaz planteatuta, Elkargiren kontu izaten da trebakuntza eta lagun egite hori.

KARRASKAN gara sareko eragileen eta zerbitzuak eskaintzen dituzten arteko harremanak eskaini eta errazteko loturetako bat eta uste dugu presa egon arren (aurkezteko epeak urriaren 20an amaitzen dira gehienez eta jardueran guztiak 2017ko azken hiruhilekoan garatuko dira), KSI BERRITZAILE 2017 aukera egokia dela zerbitzu batzuetara gerturatzeko, izan ere, batzuetan jokoz kanpo geratzen gara (edo uzten gaituzte) edo zerbitzuetan sartzeko zailtasunak izaten ditugu edo ez dugu horien berri izaten. Ezagutza eta diagnostiko ariketa egiteko balio dezake, abian dugun zerbaitetan sakontzeko, baita aukera eta behar berriak hautemateko ere. Parte hartzea baliagarria izango da ekonomia eta enpresa arloko beste eremuekiko marko normalizatuago batean kokatzeko, zenbaitetan kultura arloa ez baitute behar adina aintzakotzat hartzen; era berean, kultura arlotik gure jardueren enpresa-dimentsioarekin zerikusia duten alderdi batzuk sustatzeko ere baliagarria izan daiteke.

KSI BERRITZAILE 2017ri buruzko informazio osoa, motak, baldintzak eta parte hartzeko epeak, webgune honetan daude argi eta garbi azalduta: ksiberritzaile.eus. KARRASKANen Iranzu Gijarro da erreferentziazko pertsona, horrek erraztuko die programan parte hartzea dela gure bazkideei dela gai honekin identifikatuta sentitzen diren beste erakundeei, hau da, “berrikuntza kulturan eta berrikuntzaren kultura” gaiaz ari gara eta hori da, hain zuzen ere, KARRASKANen gunea. Harremanetarako bere helbide elektronikoa hau da:ekosistemak@karraskan.org.

 

Programa bat estrategia oso baten barruan

Programari buruzko gai praktikoez gain, aipatu nahi dugu oso garrantzitsua iruditzen zaigula KSI BERRITZAILE 2017 ekimen bakandua ez izatea, baizik eta Eusko Jaurlaritzak KSIen inguruan estrategia bat koherentziaz garatzeko ekimen bat gehiago izatea, KSI horiek aukerarako esparru bezala hartuta.

Konbinatutako estrategia horrek esan nahi du, besteak beste, sailen arteko bokazioarekin ari dela lantzen eta ZTBESrekin (Zientzia Teknologia eta Berrikuntzaren Euskal Sarea) harremanetan; KSIen eragile adierazgarriekin pilotaje taldeak aktibatu dira; kultura eta sormen sarearekin harreman kapilarizatuagoa ezartzen ari da nodoen bidez (clusterrak eta profesionalen elkarteak, elkarteetatik harantzago iristeko asmoz); Sormen Lantegiak programaren aldeko apustua mantendu da; KULTURSISTEMA bezalako tresnen garapena babestu da; edo Creadis 3-Smart Creative Districs europar proiektuaren buru gara KSI beren RIS3etan sartu duten beste sei europar eskualderekin batera…

Eta gainera, oso garrantzitsua, hobekuntza jarraiturako borondate argia ikusten da, lehen instantzian proposatutakoa kualitatiboki sofistikatzekoa (nolabaiteko presa edo gabeziak onartzea ez da nahitaez txarra, proba-akats prozesuaren zati bezala hartzen bada, hasierako prototipoa testak egitearen bidez gero optimizatu ahal izateko). Hori dela eta, KSI BERRITZAILE 2017k etorkizun handia izan dezakeela uste dugu.

 

Puntu itsu batzuk

KARRASKAN gauzak errazteko lotura izateaz gain, KSI BERRITZAILE 2017an badugu beste zeregin bat ere, programaren azterketa kritikoa eta ebaluazioa egiten laguntzea. Programa abian jarri besterik ez da egin, baina hurrengo edizioetarako kontuan izan beharreko gai garrantzitsu batzuk aipatu nahi ditugu.

KSI BERRITZAILE 2017ko eskaintzan planteatu diren puntu itsu batzuei buruzko gaiak dira.  Eskaintzen denaren interesa baloratu nahi dugu (teknologia gogorrak, antolakuntza sistemak eta finantza gestioa), baina badira honakoetan eragina duten gabezia batzuk: 1) gure ustez estrategikoak diren ezagutza eremuetan, gizarte teknologiak edo teknologia bigunak esaten zaienetan eragina dutenak; 2) ehunaren esku jarri beharreko tresnak eta prozedurak, merkatua gogoan dela ahalmen berritzailea garatzeko.

Gabezia kezkagarri hauek KSI BERRITZAILE 2017an egotez gain, Euskadiko berrikuntza sisteman osoan eragina izan dezakete, dela ZER kontuan hartuta dela NOLA kontuan hartuta.  Bi gaiak elkarri oso lotuta daude, baina guk banaka azalduko ditugu:

  1. Gizarte-teknologiak edo teknologia bigunak deiturikoei lotutako esparrua.  Tecnalia eta Vicomtech-IK4 dira teknologia gogorren esparruarekin zerikusia duten guztiaz arduratzen direnak, baina horiez gain sorta zabala dago ukiezinekin, antolakuntza eta ekoizpen arloko eredu berrien garapenarekin, zerbitzuen diseinuarekin, gizarte eta giza zientzien elkarreraginerekin (kultura arloak zeresan handia du) zerikusia dutenak eta KSI BERRITZAILE 2017ren eskaintzatik kanpo geratzen dira, proiektu berritzaileak eta zerbitzu aurreratuak garatzeko potentzial handia izan arren. Beharbada gabezia honen arrazoia da gizarte-teknologiek eta teknologia bigunek ez dutela egiaz garrantzizko eta ordezkagarria izateko espaziorik ZTBESn edota ez dago horiekin harreman zuzena duen eragile homologatu bat bera ere.Eta arazoa da aipatzen dena ez dela egoten, bazterrean eta mendean ez bada. Horregatik hartu behar litzateke kontuan gabezia hau eta nola estali ikusi. Horretarako, lehenengo urrats gisa, lantalde bat egin daiteke gai hauen inguruan jada kokatuta dauden eragileekin, dela unibertsitateetatik dela APTES bezalako elkarteetatik edo KARRASKAN barruan gauden eragileetatik (c2+i, ColaBoraBora, Kultiba, Wikitoki…) ZTBESeko eragile bitartekariekin batera, hala nola, Innobasque. Horrela ezagutzaren alor hau definitu eta kokatu daiteke hasteko, ZTBESren barruan merezi duen txokoa egiteko (sartu beharreko eragileen tipologia eta aniztasuna kontuan izanez eta horretarako homologatu sarean) eta bere balio-ekarpen zehatza eta desberdina ulertu dadin ekoizpenaren prozesu berritzaileetan, antolakuntzakoetan, sozialetan, etab.
  2. Merkatura begira potentzial berritzailea garatzeko sarearen esku jartzeko tresnak eta prozedurak.  KSIen sareak gaitasun handia du ideiak eta prototipoak sortzeko, baita merkatuan proposamen berriak jartzeko ere; baina ondorengo urratsak emateko muga ugari du. Kalitatez egindako ideia onez gain, beharrezkoa da negozio-eredu berrien garapenean sakontzea, produktu eta zerbitzuen sistematizazio eta paketazioan, eskaintza pixkanaka eta anitza egitea, marketina eta komunikazioa hobetzea; era berean, aukera berriak garatzeko eragile eta diziplinen arteko lankidetza eta hibridazio harremanak indartu behar dira.Hori dela eta, berrikuntza teknologikoaz gain sektoreak behar duena bere eskaintza sofistikatzea da beharbada, sofistikatuagoa eta iraunkorragoa egiteko, aplikatua eta moldakorra, merkatura hobeto bideratua. Babes espezializatu hau ez dugu ikusi KSI BERRITZAILE 2017ren eskaintzan eta balio handikoa litzatekeela uste dugu.

Baina orain, hurrengo edizioetan pentsatzen hasi aurretik, KSI BERRITZAILEA 2017ren lehenengo edizio hau egin behar da arrakastaz. Eta badakizue KARRASKANen behar duzuen guztirako eta prozesua errazteko prest gaudela.

Karraskan # , , , , ,
Share: / / /
Buscar
Noticias por fecha