KULTURSISTEMA
Kultura eta sormen ekosistemak mapeatu, interpretatu eta aztertzeko matrizea
ZER DA KULTURSISTEMA?
KULTURSISTEMAk kultura eta sormen ekosistemak interpretatu, aztertu eta mapeatzeko kategorizazio matrize bat (edo matrize multzo bat) proposatzen du. Bere aniztasuna islatu nahi du sektore eta azpisektoreekiko, balio katearen kate-begiekiko, esparru horretan esku hartzen dute eragileen tipologiarekiko, bai eta funtsezko eraginen eta itzuleren ezaugarriekiko ere.
KULTURSISTEMAren helburua da ahalik eta erarik aberats eta eguneratuenean laguntza ematea kultura eta sormen ekosistemetara hurbiltzeko; horien baitan daude eragile eta praktika berriak, edo, lehenagotik dauden tipologiak gurutzatzetik sortuta, ohiko analisi esparruetan nekez egokitzen direnak. Gainera, kultura eta sormen sektoreen izaera dinamikoa eta aldakorra adierazten duen hurbilketa da, nola berez, hala beste diziplina nahiz jarduera esparru batzuekin dituen harremanen ugaritasunaren ondorioz; bai eta aldakuntza teknologikoen, erreferentziazko esparru instituzionalen edo balio sozialen eragina ere.
KULTURSISTEMA tresna eraginkorra da sektoreko erakundeek eta profesionalek euren buruaren diagnostikoa egiteko, lagundu egiten dielako haien lehentasunezko jardun-eremuak zehazten eta nahi duten jarduera-esparrua errealitatearekin kontrastatzen. Politika kulturalak edota lurralde jakin batean sormena garatzeari lotutako politikak bideratzen laguntzeko tresna izatea du berezko joera; jardun-ingurunea hobeto ezagutu ahal du, eta ekintza publikoaren ikuspuntua erabaki.
Funtsean, KULTURSISTEMA erabilgarria da erreferentziako elementu bezala hainbat lanetan: arduradun politikoak, antolakuntza kulturaletako taldeak, sektorean espezializatutako aholkulariak eta policy makerrak. KULTURSISTEMAk lagundu egiten du ekosisteman parte hartzen duten eragileen eginkizuna zehazten.
KULTURSISTEMAk eskaintzen dituen interpretazio tresnek bat egiten dute alderdi askotan kultura arloan ohikoak diren kategorizazioekin; esate baterako, bat egiten dute David Throsbyk proposatutako zirkulu zentrokideekin edo UNCTADen sailkapenarekin, txostena idazteko taldeak zabalduta eta, era berean, beste kategorizazio batzuekin kontrastatuta (Kulturako Agenda21, CNAE, Erresuma Batuko DCMS, Txileko Kulturaren Kontseilua, eta abar), bai eta Eusko Jaurlaritzak berak, “Kultura, sormena eta sormen aplikatua Euskadi RIS3 Espezializazio Adimenduneko Estrategiaren aukerako lurralde bezala” esparruan, aldez aurretik egindako kategorizazioa ere.
Nahiz eta KULTURSISTEMA Euskadiko lurralde esparruan agertu den, bertako aukera eta bereizgarrietako batzuei erantzunez, ahalegina egin da neurri handi batean beste leku batzuetara zabaltzeko moduko tresna izan dadin, betiere egokitzeko eta testuinguruan kokatzeko beharrezko lana eginda.